NOR GARA

Film eta telesailak grabatu diren lekuetan dagoen kultura eta paisaia aberastasuna munduari erakutsi nahi diogu. Zinema da espazioekin, haien istorioekin eta bertako jendearekin konektatzeko modu paregabea.

Proiektu hau sortu dugu konexio berezi hori partekatzeko, eta gure webgunea bisitatzen duzuenok leku horiek bertatik bertara bizitzeko, euren edertasuna deskubritzeko eta eszena bakoitzaren atzean dagoen testuingurua ulertzeko aukera izan dezazuen. Inspiratu nahi zaitugu bidaiatzera, esploratzera eta Euskal Herria zinema lente baten bidez sentitzera.

NEREA

Betidanik musikaz, dantzaz eta zinemaz inguratuta egon naiz. Mundua begiratzen, sentitzen ikasi nuen moduak dira. Zinemap sentsibilitate horretatik eta lurraldeak errespetuz, jakin-minez eta arretaz zeharkatzeko dudan nahitik sortu da. Konektatzen duen, istorioak kontatzen dituen eta minik eman gabe arrastoa uzten duen turismo batean sinesten dut. Hau da beste begi batzuekin begiratzera gonbidatzeko nire modua.

IRATI

Nire pasioa zinema da. Betidanik begiratu izan diot pantailari kanpora begira, munduko beste lekuetan grabatutako istorioetan murgilduta. Baina proiektu honek zerbait aldatu du: konturatu naiz ez dela beti joan behar urrutira istorio handi baten eszenatokia topatzeko. Askotan, pelikula handiak grabatu diren lekuak etxe ondoan ditugu, gure eguneroko paisaian ezkutatuta. Lan honek aukera eman dit zinema nire ingurunearekin lotzeko, eta Euskal Herriko lekuak begi berri batzuekin ikusteko.

ALAITZ

Argazkiak ateratzea, editatzea eta leku bakoitzeko xehetasunetan edertasuna bilatzea gustatzen zait. Zinema maite dut, istorioak inspiratzen dituzten paisaiak eta, batez ere, askotan oharkabean pasatzen diren txoko berriak ezagutzea. Proiektu honek nire pasioak batzen ditu: argazkilaritza, natura, zinema eta etengabeko esploratzeko gogoa. Niretzat, leku bakoitzak zerbait kontatzeko du… behatzea besterik ez dago.

HELENA

Betidanik gustatu zait zinema, horregatik webgune honetan, Euskal Herriko leku berezienak aurkituko dituzu. Euskadi zinema zaleentzako ere helmuga aparta da: "Game of Thrones" edo "Patria" bezalako telesail eta filmak gure lurraldean grabatu dira, eta haien eszenatoki ikusgarrien bidez gure paisaien edertasuna mundura zabaltzea nahi dugu.